AKORDATZEN AL ZARETE?
Apirileko igande goiz hartan, meza ondoren, katekesiko lokaletara joan eta ilaran jartzen ginenean Alamedarako bidean?
Eskuz edo zinta beltzarekin egindako gure zenbakia aurrean ipini, eta gure txanda noiz izango zain urduritasunak gure barrenak nola mugitzen zituen...
Akordatzen al zarete korrikaldia bukatu eta gero kioskora gure dominaren bila joaten ginenean? Hura poza. Inportanteak sentitzen ginen. Lehenengoak bere kopa jaso eta etxean non jarriko zuen pentsatzen zuen. Eguneko eroia zen.
3.mailako neskak, 4. mailako mutilak, .... Katekistak eta haien laguntzaileak guri begira. Gurasoak ibilbide bazterretan, Allika argazki kamerakin guri argazkiak ateratzeko prest.... Badira urteak bai... Dexente! Edo ez hainbeste?
Dominek esan ziguten zenbat alditan egin izan den kross hau. Katekesiko Krossa.
Katekistek lekukoa eman zigutenean Anes Arrinda izan genuen gogoan, bera izan bait zen ekimen honen sortzailea, eta dominek esandakoaren arabera 45 aldiz egin izan zen Kross hau Alamedako gunean.
Guk jarraipena eman diogu Kross honi, eta aldaketa batzuk egin baditugu ere, gure herriko haur eta gazteak guk bizi izandako zirrara horiek senti dezaten nahi izan dugu. Badira ia 50 aldiz, irteera gunetik metarako bidean gure oinak ziztu bizian eraman gaituztenak, gure kidea aurreratu edo harrapatu nahian eta gero kioskoko eskailera horiek igota eskuetan zerbait dakartzagula ohorez jeitsi ditugunak. Orain Allika ez da argazkilari bakarra, ez daude nesken eta mutilen talde soilak, ez dugu igandeko goizeko meza ondoren korrika egiten, ez daude ez dominak eta ez kopak, baino bai zirrara eta emozio berdintsuak. Eta umeak, horiek baitira gure ardatz guneak.
Guk egin dugu bidearen zatitxo bat eta dagoeneko uste dugu nahikoa dugula. Gustatuko litzaiguke Anes Arrindaren lekukoa 50.nean beste norbaiten esku uztea. Mende erdia egingo duen ekintza honek jarrai dezanaren lekukoa kiosko gunean uzten dugu. Norbait hartzeko prest ? Gure herriko umeek une hauetaz akordatzeko aukera izan dezaten....
ANES ARRINDA HAUR KROSSAREN ANTOLAKETA TALDEA